Igone Campos Odriozola naiz (Zumarraga, Euskal Herria), euskal mendizalea eta mendiko kirol eta natura zalea. Ingurumen Zientzietan Lizentziatura ikasi nuen, naturaz ikasi eta honi ahalik eta gehien gerturtzeko asmoz. Nahiz eta lanbidez biologiako irakaslea naizen, nire denbora librean etxeko, Pirinioetako eta Alpeetako mendietan korri egin eta eskiatzen dut. Era honetara, nire burua gehiago ezagutzeko aukera dudala iruditzen zait, ingurukoez gehiago ikasi dezakedala, deskonektatzeko bide bat ere bada eta nire pasio bera duen jendearekin mila abentura partekatu ditzaket. Gainera, beste gaitasun batzuk garatzera ere bultzatu nau mendiak, gaur egun formazioa jasotzen ari naizena, besteak beste, komunikazioa eta sare sozialak.

 

Txikitatik ibili naiz mendi inguruan, 4 urterekin hasi nintzen eskiatzen eta mendi lasterketaria eta eskiatzailea naiz 20 urte nituenetik. Gaur egun Dynafit taldeko partaide naiz mendiko lasterketetan eta Euskal Selekzioko mendi eskiatzailea ere bai. Julbo Eyewear etxeak ere, eguzkitako eta elurretarako betaurrekoekin laguntzen dit.

 

Nire helburua zoriontsu izatea da, eta mendian topatu dut sentimentu hori. Beraz, ahalik eta denbora gehien ematen dut bertan, horrela, bizitzako hainbat alderdi garatu ditzaket mendietan: pertsona gisa hazi, nire mugak non dauden ikusi eta natura-gizaki loturaz ikasi. Ederra izango litzateke mendietan nire alor profesional zein pertsonala garatzeko aukera izango banu, eta horretan saiatuko naiz 🙂

 

×

Cart